LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXEN HURRENGO MUNDUKO KONGRESUA EUSKADIN OSPATUKO DA

12 de diciembre, 2018

Erabakiaren berri duela gutxi eman dute ezagutzera egun hauetan Australiako Melbourne hirian ospatzen ari diren Munduko Kongresuan

World Federation of Colleges and Polytechnics (WFCP) federazioko zuzendari-batzordeak duela gutxi jakinarazi du WFCParen hurrengo Munduko Kongresua Euskadin egiteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztutako hautagaitza onartzeko erabakia.   Iragarpen hori Australiako Melbourne hirian ospatzen ari den Munduko Kongresuan eman dute ezagutzera.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak landutako eta Tknikak koordinatutako hautagaitzak nazioarteko 30 erakunde baino gehiagoren babesa jaso du. Erakunde horien artean azpimarratzekoak dira EFVET (European Forum for Technical and Vocational Education and Training), LANE (Lanaren Nazioarteko Erakundea) / Cinterfor, edo UNESCO-UNEVOC International Center. Azpimarratu behar da Euskadin ospatuko den 2020ko Kongresua bereziki garrantzitsua izango dela, hamargarren Munduko Kongresua baita.

Lanbide Heziketako Ikastetxe eta Ikastetxe Erakundeen Munduko Federazioa

WFCP Lanbide Heziketako Ikastetxe eta Ikastetxe Erakundeen arteko Nazioarteko Sare bat da, eta prestakuntza-politikak gidatzeko eta ekonomia globalaren onurarako jarduketa-ildoak eskaintzeko helburua dauka. Bere ekintzen artean, beste edozeinen gainetik, bi urtetik behin ospatzen den WFCParen Munduko Kongresua nabarmendu behar da.  Hitzordu horretan, hezitzaileak, arduradun politikoak eta hezkuntzako buruzagiak biltzen dira, azken joerak eta hobekuntza praktikoak aztertzeko, eta gaikuntza profesionala eta teknikoa sustatzeko lankidetza-sareak ezartzeko.

Zentzu horretan, Donostian antolatuko den hitzorduak garrantzi berezia izango du. 2020an, Europak 2010-2020 eperako ezarritako helburuen betetze-maila egiaztatzeko aukera izango du, Bikaintasun Ikastetxeak babesteko eta sustatzeko estrategia definitzen den bitartean. Erronka horrek mundu osoko ikastetxeen lankidetza eskatuko du.

Halaber, kongresura bertaratzen diren arduradunek 2015-2030 eperako definitutako Garapen Jasangarriko Helburuen betetze-maila aztertzeko aukera izango dute. Zalantzarik gabe, mundu osoan LHaren sektoreak erantzukizun handia dauka Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko garaian.

Hezkuntza Sailak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beren poza azaldu nahi dute Lanbide Heziketako ikastetxeen hurrengo Munduko Kongresua egiteko Euskadi aukeratu dutelako. Lanbide Heziketako euskal eredua ezagutzera emateko eta Euskadiren irudia mundu osora zabaltzeko beste aukera bat izango da.

Comparte!