Toti Martínez de Lezea, Luxuzko gonbidatua

Toti Martínez de Lezea, Luxuzko gonbidatua

Toti Martínez de Lezea idazleak gure zentroan eman zuen pasa den asteleheneko goiza euskara, euskal literatura, mitologia eta historiari birpasa handia emanez, Ulibarri programaren esku.

 Larrabetzuko idazlea gure zentroan agertu zen ikasleei euskara, literatura eta euskal mitología zein historiari buruzko hitzaldia eskaintzeko. Bi ordu eman zituen Lezeak ikasleen aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Ulibarri hizkuntza normalkuntzaren programari esker antolatutako topaketan. Paregabeko esperientzia bizi zuten bai ikasleek baita idazleak ere eta bi orduko batzarra motz egokitu zitzaien denei.


Lezeak bere hitzaldiari ekin zion bere bizitzan zehar izandako euskararekiko esperientziak kontatzen, bere haurtzaroan hasiz, frankismo betean. “Oso gaztea nintzenean, nire aita espetxeratu zuten euskaraz lagun bat agurtzeagatik”. Euskara debekaturik zegoen garai hartan «eta oso zaila zen, beraz, euskaraz mintzatzea. Izan ere, gure hizkuntzaz egin eta entzuteko Gipuzkoa aldera joan behar izaten nuen, bertan ez zegoelako hain kontrolaturik», gogoratu zuen idazleak, bere bizitzari birpasa emanez. «Hasieran aktoresa izan nahi nuen, oso gustokoa bainuen antzerkia» baina inoiz ez zuen pentsatu idazle bukatuko zela. «Urte batzuk eman nituen itzultzaile moduan eta ondoren ETBn egin nuen lan. Ondoren, itzultzaile lanetara bueltatu nintzen». Martìnez de Lezeak bere idazle bezalako hasierak ere kontatu zituen. «Idatzi nuen lehen liburua apostu baten ondorioa izan zen, 50 urte nituelarik. Lagun batek esaten zidan ez nintzelako liburu osoa idazteko gai izango eta uda batean lortu nuen, hastea ez ezik
bukatzea, benetan zaila dena”.

Toti Martínez de Lezea, izenaz Esperanza, bere ezizenaren arrazoiak ere azaldu zituen -honen barruan, esan behar, idazleak izen ororen historia ezagutzen du, eta bukatzean, liburuak sinatzean, ikasle bakoitzaren izena aztertu zuen bere jatorria kontatzen-. «Esperanza dut izena eta nire aitak «Itxaropena» deitzen zidan. Horretatik, Toti sortu zen igeriketan aritu nintzenean eta hori zen igerilekutik kanpo esaten zidana animoak emateko». Beraz, argi izan zuen hasieratik Toti bezala sinatuko zuela, bere abizen konposatua ere errespetatuz. «Hasieran, Toti Lezea izango zen nire ‘izen artistikoa’ baina konturatu nintzen nire aitari ilusio handia egingo ziola gure abizen konposatu alabarra jartzea. Berarengatik egin nuen eta horrela jarraitzen dut”.


Euskararen garrantzia


Beste alde batetik, idazleak gure ikasleei euskaraz egiteko garrantziaz hitz egin zien. «Herrialde honetan denok dakigu gaztelaniaz, baina euskara menperatzea ere oso garrantzitsua da, horren bitartez zerbait desberdina eskain dezakegu eta». «Nik lan baterako pertsona bat aukeratu behar izango banu, euskaraz dakiena aukeratuko nuke beti» -gehitu zuen. Euskararen historia apur batean aztertu ondoren, «euskara zaindu behar dugu; askotan egon baita desagertzeko zorian baina beti berpiztu da eta orain berpizteko prozesu batean» garela azpimarratu zuen idazleak.


Bere egile lanari dagokionez, Lezeak inspiraziorik behar ez duela baieztatu zuen. «Inspirazioa bertsogileentzat da; idazleok ez gara inspiratzen, lan egiten dugu”, gehitu zuen ironiaz. Aitortu 
zuenez, normalean sei edo zazpi hilabete ematen ditu liburu osoa idazteko, astean zazpi egun eta egunean zortzi ordu emanez. «Gehien kostatzen zaidana istorioarekin hastea izan ohi da, baina hasiera eta istorioa behin bideraturik, oso azkar idazten dut». Gainera, idazleak ondo idazteko formula adierazi zuen. «Ondo idatzi eta hitz egiteko, so egin behar diegu ondo hitz egiten eta idazten dakienari». Ondoren, Lezea bere azken proiektuari buruz aritu zen. «Balanzas’ inkisidorearen historia kontatuko dut bertan. Orain oso dokumentaturik ez dagoen Nafarra aldean sorginen ehizan jardun zuen gizona». Idazlea lehenengo fasean ari da: dokumentazioa biltzearenean. «Normalean hau da denbora gehien kentzen didana; adibidez egun hauetan unibertsitateko irakasle batekin ari naiz hizketan behar dudan dokumentazioa
burutzeko».


Hitzaldia bukatzeko, Lezeak azterketa sakona eman zuen Nafarra aldean XV. mendean egondako sorginen ehizari buruz. Sorginen ohiturak, ezaugarriak eta akelarreak aztertu ondoren, idazleak bukatu zuen: “Sorginen ehiza Frantzia eta Gaztelaren arteko borrokaren testuinguruan gertatu zen, Gaztelak Nafarra menperatu ostean. Ez zen sorginen ehiza izan, baizik eta desberdina zen ororen ehiza”. Desberdintasun horren elementurik garrantzitsuena euskara zen, “ez zen berez sorginen ehiza, euskararen kontrako jazarpena baizik, baita euskal oroimen, ohitura eta sinesteen aurkakoa ere”.