Ile apaindegian ere, arriskua

6 de noviembre, 2018

Lanaren Nazioarteko Erakundeak produktu kimikoen nahasketak kontrolatzeko beharra aipatu du

Gaixotasunak sendatzen dituzten sendagai horiek berberek gaixotu egin ditzakete haiek egiten dituzten langileak. Abantaila ugari ekartzeaz gain, osasunerako kalteak ere eurekin baitakartzate produktu kimikoek. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak aitortu du ez dagoela modurik zehazki jakiteko zenbat produktu kimiko erabiltzen diren munduan, ezta zenbat langile dauden arriskuan haien eraginez ere. Baina zehaztu du «esanguratsua» dela urtero gaixotzen direnen kopurua.

Laneko segurtasun eta osasunerako egunaren harira, urtero gai jakin bat aztertu ohi du erakundeak, eta aurten produktu kimikoak hautatu ditu. «Praktikoki lantoki guztietan erabiltzen dira. Beraz, sektore guztiek egin behar lukete substantzia arriskutsuen gaineko kontrola eta prebentzioa». Burura industria edo nekazaritza etorri ohi dira produktu kimikoak aipatuta. OITk, ordea, denera zabaldu du arriskua. Ile apaindegien adibidea eman du. Erabiltzen diren produktuetako asko «nahiko arriskutsuak» direla dio, aireztatze sistema egokirik gabe erabiltzen direlako eta babeserako tresneria egokirik gabe. Berdin bulegoetan. Tonerra bera ere produktu kimikoa baita.

Erakundearen arabera, balizko kalteak neurtzeko banaka aztertzen dira produktuak. Alabaina, langile gehienek produktu kimikoen nahasketekin egiten dute lan. Horregatik, ezinbestekotzat jo du nahasketa horiek kontrolatzea, gero prebentzio programak egin ahal izateko. Gaineratu du gaixotasun asko, minbiziak adibidez, 20 urte geroago ere agertzen direla, eta horrek zaildu egiten duela produktu kimikoen eraginak neurtzea.

Urtean 2,3 milioi hildako

Prebentzio planak egitean, produktu kimikoek ingurumenean duten eragina ere kontuan hartu behar da, OITren irudiko. Esaterako, nekazaritzan pestizidak erabiltzen direnean zuzenean doazela airera edo uretara azaldu du. Halakoetan, erakundeak dio pestizidak darabiltzaten langileen osasuna ez ezik, inguruan bizi direnena ere kontuan hartu dela.

OITren kalkuluen arabera, urtero 2,34 milioi lagun hiltzen dira laneko istripuen edo gaixotasunen eraginez. Hil ez arren, beste 160 milioi gaixotzen dira lanaren eraginez.

Comparte!